XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

29. BIZKAIERATIK ERE ASKO IKASI BEHAR DUGU GUZTIOK

Euskara batua sortu eta bultzatzeko ahaleginetan Bizkaiak aparteko garrantzia izan du.

Gauzak aspaldion doazen modua ikusita baina, askotxo dira, batzuren euskara batu hori, telebistakoa barne, funtsean gipuzkera hatxeduna besterik ez ote den galdetzen duten bizkaitarrak.

Eta zoritxarrez maiz arrazoirik ez dutela falta aitortu behar.

Izan, guztiz tamalgarria da zenbait idazle eta aurkezle giputzen jokabidea: dela ezjakintasunaz, dela antibizkaitartasunaz, kontua berbera da, bizkaieraz osterantzeko euskalkietan baino hobeki adierazten diren kontzeptuak ez dituztela behin ere hemengo hitzez ematen, sinonimotarako ere bizkaierarik ez balego bezala.

Zorionez ez dira idazle guztiak horrelakoak.

Ba dira, bai, bizkaiera, beste edozein euskalki gisa, guztion euskara batua lexikoz eta esaerez aberasteko iturri eta harrobi ezin hobea dela pentsatzen dutenak ere, berauek oraindik ugarienak izan ez arren.

Gaurkoan, beraz, euskalkien posibilitateak erakutsi nahirik, Bizkaiko hitz batzu aipatuko ditut, euskara batuan ongi erabil daitezkeenak.

Hasteko, gogora dezagun ipuin, guzti, arrain, artzain, udaltzain eta oro har -zain amaiera duten hitzak euskara batuan hobestekoak direla, honetan bizkaiera eta ekialdeko euskalkiak batera etortzen baitira.

Jakina da, bestalde, gainerako euskalkietan arreba eta ahizpa artean egiten den berezketa, hots, bata mutilarena eta bestea neskarena, bizkaieraz anaia (mutil batena) eta neba (neska batena) artean ere egiten dela, honela senitarte-harreman horiek hobeto biribilduz.

Hau guztiau baina, ez dute kontutan hartu, dakusagunez eta dantzugunez, J.R. euskaratu digutenek.

Gogoratzekoa ere ba da, halaber, iparraldean edozein sexutako nebarrebak izendatzeko hitz jatorra, haurride alegia, lexiko batua aberasten diguna.

Europako beste hizkuntza landu batzutan bezala, bizkaieraz hatz(amar) (fr. doigt, ing. finger) eta behatz kurts (fr. orteil, ing. toe) ongi bereizten dira eta horrexegatik barregura ematen digu, gipuzkoarrei, esaterako, makinaz behatz guztiez idazten du modukoak entzuteak, beraiek bai eskukoei eta bai oinekoei era bakar eta pitxi horretara esaten baitie.

Ez da ahanztekoa, bestalde, ekialdeko euskaldunen izen zahar eta jatorra, eri, orokorrean onartzekoa, gure arteko erpuru (eri buru) eta eraztun hitz ezagunen iturburua.